Fok
Kepa Junkera
Fok lanak 54 abesti biltzen ditu CD bikoitz batean, Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak eta L’Alguerretik etorritako berrehun musikari baino gehiagok interpretatuta. Proiektuaren ardatza trikitixa Mediterraneoko soinu-unibertsoarekin harremanetan jartzea eta suari (foc), kultura horietan oso sustraitua dagoen elementuari, omenaldia egitea da. Abiapuntu horretatik, Kepak ibilbide bat artikulatzen du, herri-melodiak, hainbat kolaborazio eta 18 estudiotan banatutako ekoizpena konbinatuz.
Kepa urrundu egiten da gure inguruko melodia eta erritmoek soilik hunkitu gaitzaketen ideiatik.Sentimendu hori “lehen mailakoa eta jaiotzezkoa” dela dio, kanpotik datorrenetik bereizten gaituena, baina hausnarketa hori agian beste garai batekoa dela gaineratzen du: “Katalunia, Valentzia, Balear Uharteak, l’Alguer… nire bihotz musikala betetzen dute eta zorte handia dut nire trikitixarekin kultura zirraragarri eta mugaezin hauetan murgiltzeko”.
Parte-hartzaileen zerrenda katalanez eta inguruko hizkuntza erromanikoetan abestutako folkaren entziklopedia bat da ia. Adibidez, Sa ximbomba lanean Biel Majoral (malloarkarra), Miquel Gil (valentziarra) eta Artur Gaya (kataluniarra, Quico el Célio, el Noi i el Mut de Ferreries taldekoa) elkartzen dira; El pardal & Xotis del Jaumet Xic abestian, Artur Blascok (1933), Pirinioetako tradizioaren eta akordeoi diatonikoaren berreskuratzaile handiak, berrogeita hamar bat akordeoilari bildu zituen; eta Espolsades piezan Josep María Ribellesen harpa, Anaís Falcóren biolina eta Jordi Molinaren tenora uztartzen dira.
Lan grafikoa suaren ingurukoa da eta Igotz Ziarretaren argazkiak ditu; Igotz meñakarra (Bizkaia) da, 2003tik Bartzelonan bizi da eta hiriko Euskal Etxeari lotuta dago. Irudirik deigarrienetako batean suak jandako triki bat ageri da; Keparen arabera: “disko hau oso berezia da niretzat, bidaia honetan hainbeste jaso dut, ezen modu sinbolikoan indar eta bero hori itzultzen saiatu naizen, munduan gehien maite dudan gauzetako bat erretzen: trikitixa txiki bat”. Igotzek azaldu duenez: “disko hau egiteko, triki batetik sua ateratzen zela irudika zitekeela proposatu nion. Eta hortik, erretzera pasatu ginen. Argazkiak Ereñoko harrobian atera genituen. Aukera bakarra genuen trikitixa erretzeko”.
Kritikaren arabera, Fok urteko folk diskorik onena izendatu zuten 2018ko Enderrock Sarietan, Kataluniako garratzitsuenak direnak. Aldizkariak berak honela definitu zuen argitaratu eta egun gutxira: “Agian, Kataluniako folk panoramako ekoizpenik asmo handikoena da gaur arte”.
Diskoetxea: Infernuko Auspoa. Ekoizpena: Kepa Junkera.
